Turismoaren Mundu Erakundeak (TME) eta Basque Culinary Centerrek indarrak batu dituzte, berriro ere, turismo gastronomikoaren arloko startupentzako mundu-txapelketaren bigarren edizioa antolatzeko.
Lehen edizioa hain arrakastatsua izan zenez, bueltan da sektoreko ideia apurtzaileak eta berritzaileak identifikatu eta babesten dituen txapelketa, sektorearen eraldaketa bideratuko dutenak, bai eta tokiko komunitateetan eragin positiboa izaten ari direnak ere.
2019an, 84 herrialdetako 300 ekimen baino gehiago aurkeztu zituzten. Proiektuen artean, teknologia berriak, komunitateko turismoa garatzeko ekimenak, berrikuntza-softwareak eta berrikuntzan oinarritutako nekazaritza jasangarriarekin lotutako startupak zeuden. Horiek guztiak lagungarriak dira Garapen Jasangarriaren Helburuak (GJH) lortzeko bidean aurrera egiteko.
Txapelketaren bigarren edizioan, eta TUI Care Foundation fundazioaren babesarekin, bi sari emango ditugu. Lehen kategoriako ekimenak berritzaileak izan behar dira, eta eragin sozial jasangarria izan behar dute. Txapelketa irabazten duen proiektuak TMEren eta Basque Culinary Centerren laguntza izango du (Culinary Action! ekintzailetza-ekimenaren bitartez). Turismo Gastronomikoaren VI. Mundu Foroan emango da ezagutzera proiektu irabazlea. Proiektu pilotu bat diseinatzeko edo ezartzeko lan-plana prestatzeko laguntza jasotzeaz gain, Culinary Action! ekimenaren sarean sartu ahalko da irabazlea. Bertan, aholkularitza pertsonalizatua eta proiektua gainbegiratuko duten adituak izango ditu, eta aukera izango du eskuragarri dauden tresna digital modernoenak erabilita bere proiektua aurrera eramateko.
Beste kategoriak startup gastronomiko apurtzaileena sarituko du. Enpresa irabazleak proiektu pilotu bat diseinatuko du Basque Culinary Centerrekin batera, eta haren sarearen laguntzarekin jarriko du martxan. Horrez gain, laguntza ekonomikoa izango du (3.000 € gehienez) Culinary Action! ekimeneko azelerazio-prozesuko, ostatuko eta bidaiako gastuak ordaintzeko.
Honako hau adierazi zuen TMEko idazkari nagusi Zurab Pololikashvilik: «Lehiaketa honekin, elikaduraren eta bidaien etorkizuna eratzeko enpresa nagusiak identifikatzen ari gara. Gastronomiak jarraitu du erakusten zer indar duen mundu osoko helmugetan eta, bereziki, landa-komunitateetan, garapen ekonomikoa suspertzeko eta eskaintza turistikoa ugaltzeko ezinbesteko aukera bezala, eta mundu mailan hazteko ahalmena dauka».
Basque Culinary Centerreko zuzendari Joxe Mari Aizegak honako hau gaineratu zuen: «Txapelketa honi esker, sukaldaritzaren munduan dagoen enpresa-talentua ezagutu, eta gure laguntza eman diezaiokegu. Munduko toki askotan daude ekintzaileak ekimen berriak sustatzen, gastronomiak eta turismoak duten ahalmena baliatuz. Era berean, aukera ematen digu prestakuntza emateko eta ekintzaileei tresnak eskaintzeko, bai enpresetan bai helmugetan eragin positiboa izan dezaten eta eraldatzeko ahalmena duten proiektuak gara ditzaten, eta, halaber, turismo gastronomikoa helmugaren jasangarritasuna bermatzeko tresna gisa sustatuta».
Turismo gastronomikoaren arloko startupentzako munduko txapelketaren bigarren edizioan proposamenak aurkezteko epea apirilaren 6ra arte egongo da irekita. Startupen kategoriako finalistak eta berrikuntza sozialaren kategoriako irabazleak 2020ko maiatzaren 4an emango dira ezagutzera.
Startupen kategoriako irabazlea ekainaren 1etik 3ra bitartean jakinaraziko da, Flandrian (Belgika) egingo den Turismo Gastronomikoaren Munduko VI. Foruan.
Informazio gehiago eta izena emateko materiala nahi izanez gero, jo hona: https://www.gastronomytourismventures.org/