Basque Culinary Centerrek, gastronomiako nazioarteko prestakuntza-zentro aitzindariak, berriz ere irekiko ditu ateak datorren irailaren 2an, egun horretan hasiko baita 2020/21 ikasturte akademikoa. Gastronomia eta Sukaldaritzako Arteen Graduko eta 8 masterretako ikasleak apurka-apurka itzuliko dira zentrora irailean zehar. Zalantzarik gabe, COVID-19ak eragindako egoerara egokitzeko berritasunez eta segurtasun-neurriz beteta egongo da ikasturtea. Hartutako neurriak hiru multzo handitan sailka daitezke: hezkuntza-ereduaren eboluzioarekin zerikusia dutenak; osasunarekin, segurtasunarekin eta higienearekin lotuta daudenak eta neurri ekonomikoei eragiten dietenak.
Labur-labur adierazita, honako hauek izango dira hartuko diren neurri nagusiak: ikasleek COVID-19aren aurkako protokoloen gaineko prestakuntza espezifikoa jasoko dute, ikasle gutxiago egongo da talde bakoitzean, irakaskuntza pertsonalizatuagoa izango da, prestakuntza praktiko gehiago eskainiko da, babes-sistema espezifikoak ezarriko dira, tarte handiagoa gordeko da pertsonen artean eta ikaskuntza-dinamika berriak aplikatuko dira. Hori guztia Basque Culinary Center espazio segurua dela bermatzeko. Hartara, berrikusi eta murriztu egin dira espazio guztietako edukierak, besteak beste, kafetegikoa, liburutegikoa, sukaldeetakoa eta ikasgela teorikoetakoa. Adibidez, erdia baino gehiago murriztu da ikasgelen edukiera. Horrez gain, segurtasun-protokoloak ezarri eta irakaskuntza-metodologiak birplanteatu dira. Gainera, hainbat jardueratara bideratutako espazio berriak ere sortu dira.
Ez hori bakarrik: Basque Culinary Centerrek egokitu egin ditu bere metodologia eta ikaskuntza praktiko eta esperimentalean oinarritutako hezkuntza-eredua, egoera edozein dela ere, ikasleek beren prestakuntza-esperientziarekin aurrera egiteko aukera izan dezaten. Gainera, online prestakuntza aurrez aurreko prestakuntzaren osagarri izango da, eta horrek ikaskuntza-prozesua pertsonalizatzeko aukera emango du. Ikasleek berrogeialdia egin behar badute ere prestakuntzarekin aurrera egiteko aukera izango dutela bermatze aldera, klaseetara online bertaratzeko aukera egongo da; gainera, prestakuntza-saio osagarriekin indartuko dira ohiko eskolak, beharrezkoa bada.
Zentzu horretan, Joxe Mari Aizegak, Basque Culinary Centerreko zuzendari nagusiak argitu du “ikasturte honetan bizitako egoerari erreparatuta, Basque Culinary Center prest dago ikasleek beren ikaskuntza-prozesuarekin jarraitzeko aukera izan dezaten, betiere, zentroaren hezkuntza-ereduaren oinarrizko elementuak mantenduz. Ikasleak dira gure ereduaren funtsa eta haien eguneroko bermatu behar dugu, horregatik hainbat alderdi indartu ditugu”.
Ikasle guztiek jasoko dituzte ostalaritza-sektoreko enpresentzako espezifikoki diseinatutako bi prestakuntza: lehenengoa elikagaien higieneari eta segurtasunari buruzkoa da eta, bestea, COVID-19a prebenitzeko prozesuei buruzkoa. Hain zuzen, bi protokolo horiek betetzea ezinbestekoa izango da zentroan. Besteak beste, neurri hauek aplikatuko dira: NBE espezifikoak erabili beharko dira, nahitaez, sukaldean eta aretoan; instalazioen, inguruen eta materialen garbiketa eta desinfekzio sakonagoa egingo da prestakuntza-saioak bukatu eta gero; birdefinitu egingo dira instalazioetarako sarbidea eta barruko trafikoa, zirkulazioa murrizte aldera; gel hidroalkoholikoa egongo da ikasgela, tailer eta espazio guztietan eta 60.000 maskara erosiko dira ikasle eta irakasleentzat.
Halaber, ikasleekin zuzenean harremanetan dauden irakasle eta laguntzaileek prestakuntza espezifikoa jasoko dute higiene- eta segurtasun-beharrei modu ezin hobean egokitzeko, eta, horrez gain, kontrol-testak egingo zaizkie aldian behin. Gainera, ikasleei telefono edo bideo-dei bidezko aholkularitza medikoa eskainiko zaie, doan. Zerbitzua 24 orduz eta asteko 7 egunetan egongo da eskuragarri, medikuari galderak egin eta osasun-arloko orientazioa eskuratu dezaten.
Neurri ekonomikoei dagokienez, malgutu egin da 20/21 ikasturterako itzulketen eta ezeztatzeen politika, baita aldizkako kuoten bidez egiten diren ordainketen politika ere. Neurri bereziak ere hartu dira: Basque Culinary Centerrek hainbat finantza-erakunderekin sinatutako hitzarmenen bidez finantzatuko ditu matrikulak. Hori gutxi balitz bezala, Basque Culinary Centerrek beka propioak ditu Gastronomia eta Sukaldaritzako Arteen Graduko ikasleentzat.
Erronka berriak, konponbide berriak
Basque Culinary Centerren oso ondo dakigu zein den egun bizi dugun egoera eta zein zeregin daukagun horretan. Basque Culinary Centerrek pertsonen espiritu ekintzailean, berrikuntzan, pasioan, bikaintasunean eta konpromisoan oinarritu du bere garapena. BBC komunitatea osatzen duten kide guztiek, hau da, zuzendariek, kudeatzaileek, irakasle eta ikertzaileek eta ikasleek, ahalik eta modu egokienean erantzungo diote erronka honi, gastronomia eta ostalaritza ahalik eta lasterren errekuperatzeko lanetan laguntzen jarraitzeko.
Joan den martxoaren 13an, agintariek aldi baterako eten zuten aurrez aurreko irakaskuntza. Une horretan bertan, Basque Culinary Centerrek erabaki zuen irakaskuntza eta ikaskuntza ez etetea, eta prestakuntza % 100 online eskaintzea alarma-egoerak dirauen bitartean. Azken helburua izan da ikasturte akademikoa arriskuan ez jartzea eta maila bakoitzean aurreikusitako ikasketa-helburuak bete eta gaitasunak eskuratzeko beharrezkoak diren prestakuntza-prozesuak garatzea. Eta horixe bera izango da helburua datorren ikasturte akademikoan ere: sorkuntza eta berrikuntza aplikatzen jarraitzea erronka berriei konponbide berriak planteatzeko.
COVID-19a gastronomiaren sektorean zer-nolako eragina izaten ari den eta sektore horretako eragileek inoiz ez bezalako erronkari egin behar diotela aurre jakinda, Basque Culinary Centerrek hainbat ekimen eta proiektu abiarazi ditu ostalaritza-sektoreari laguntzeko. Oso anitzak izan dira: jatetxeetarako gidak eta bestelako materialak sortzetik, eduki bereziko RetoCoronavirus webgunea eratzera, mundu osoko milaka pertsonek egin dituzten doako prestakuntzak eskaintzera, barne hartuta COVID-19ari aurre egiteko prebentzio- eta segurtasun-protokolo berezi bat argitaratzea eta gaiari lotutako webinar irekiak egitea.
NEURRI BERRIAK