Asteazken honetan, abenduaren 16an, Basque Culinary Centerren Patronatuak, erakundearen organo gorenak, bilera egin du formatu hibrido presentzial/digitalean, eta guztira 15 pertsona bertaratu dira, besteak beste: Joxe Mari Aizega (BCC), Pedro Subijana (Akelarre), Elena Arzak (Arzak jatetxea), Eneko Atxa (Azurmendi), Bittor Oroz (Eusko Jaurlaritza), Vicente Javier Atxa (Mondragon Unibertsitatea), Javier Larrañaga (Gipuzkoako Foru Aldundia) eta Diego Guerrero (DSTAgE). Urteko topaketan aztertutako gaien artetik 2020ko balantzea nabarmentzen da. Urte zorrotza izan da, zeinetan digitalizazioa, berrikuntza eta talde-lana ezinbestekoak izan diren aurrera egin ahal izateko. Gainera, topaketan 2021eko berrikuntza batzuk ere aurkeztu dira, urte horretan Gastronomia Zientzien Fakultateak, Mondragon Unibertsitateari atxikiak, hamargarren urteurrena beteko baitu.
Aldaketa ugari egin dira urte honetan, eta horien artetik hezkuntza-eredua berriz diseinatzea nabarmendu behar da: praktikoagoa, pertsonalizatua, diziplinartekoa eta etorkizuneko gastronomia arloko profesional baten gaitasun guztiak garatzera bideratua. Halaber, Basque Culinary Centerrek beste aurrerapauso bat eman du bere prestakuntza-planean, eta honako hauek aurkeztu ditu: 2021ean abiaraziko dituen bi master berri (Komunikazio Gastronomikoa Masterra eta Gastronomiako Irakasleen Prestakuntzako Unibertsitate Masterra; espezializaziorako bi ikastaro berri (Farm To Table sukaldaritza eta sukaldaritza-teknikak hobetzeko espezializazioa. Azken hori erabat online izango da); eta profesionalentzako 40 ikastaro berri baino gehiago biltzen dituen katalogoa. Prestakuntza berri horiek guztiak Gastronomia eta Sukaldaritza Arteak Graduari, Doktorego programari, Fakultatean ematen diren 8 masterrei eta gaur egun ematen diren ikastaroei gehitu behar zaizkie.
Horrez gain, azpimarratu behar da 2020an Basque Culinary Centerrek urteko erronkei irtenbide berrien eta bilakaera nabarmen baten bidez egin diela aurre: espazioak berregokitzea, ingurune digital berritzailea, ekimen berriak (besteak beste, "Gastronomia 360º" espazioa) eta proiektuak (besteak beste, "Baratzea" eta "Gastronomy Shapers") izan dira Fakultatean ezarri diren berrikuntzetako batzuk.
Joxe Mari Aizega Basque Culinary Centerreko zuzendari nagusiak adierazi duenez, "2020ak bere onena emateko eskatu dio kolektiboari. Erakutsi dugu Basque Culinary Center osatzen dugun pertsonen sormenari eta grinari esker gai garela edozein erronkari aurre egiteko eta, gainera, gure komunitatearekiko loturak sendotzeko. Etorkizunean ere pentsatu dugu, eta nola jarrai dezakegun osatzen etorkizuneko gastronomiako profesionalen prestakuntza. Halaber, espero dugu gure 10. urteurrena ospatu ahal izatea eta gastronomiaren ahalmena bermatzen jarraitzea gure filosofiaren arabera, hau da, grinaz, berrikuntzaz, eraldaketa sozialaz eta bikaintasunez".
Master eta ikastaro berriak
Beste urte batez, Basque Culinary Centerrek bere prestakuntza-eskaintza zabaltzen jarraituko du, sektoreko profesionalek dituzten beharrak asetzeko.
Lehenik eta behin, Komunikazio Gastronomikoa Masterrak 2021eko urtarrilean zabalduko du matrikula-epea eta urrian hasiko da Masterraren orokorra izango da komunikazio gastronomikoaren arloko etorkizuneko profesionalak prestatzea, zeinak edukiak kontzeptualizatzeaz, antolatzeaz eta kudeatzeaz arduratuko diren, batez ere kanal digitalen bidez, bai informazio-hedabideentzat, bai jatetxeentzat, enpresentzat, erakunde publikoentzat eta ekintzailetzako beste erakunde eta ekimen batzuentzat.
Bestalde, Gastronomiako Irakasleen Prestakuntzako Unibertsitate Masterrak hurrengo urteko maiatzean zabalduko du matrikula-epea eta 2022an hasiko da. Helburua da gastronomiako irakasle profesionalak prestatzea. Mondragon Unibertsitateari atxikitako Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak eta Gastronomia Zientzien Fakultateak prestakuntza pedagogiko eta didaktiko espezifikoak emango dituzte. Horren bidez, masterreko ikasleek gaitasuna izango dute etorkizuneko erronkei erantzuteko, gastronomiaren esparruko hezkuntza- eta ikerketa-profesional izango diren heinean.
Gainera, zentroak bi espezializazio-ikastaro berri emango ditu. Farm To Table sukaldaritzari buruzkoa, panorama gastronomikoan indartsuen sartu den joeretako batean oinarritua, ikastaro berezia izango da; izan ere, sukaldaritzako prestakuntza eta baratzezaintza konbinatzeaz gain, sukaldeko teknikak eta joerak erakutsiko dira, eta sistema jasangarrietara eta Zero Waste sistemara hurbilduko da. Bestalde, sukaldaritza-teknikak hobetzeko espezializazio-ikastaro berria erabat online emango da lehenengo aldiz.
Azkenik, Basque Culinary Centerrek sektoreko profesionalei zuzendutako prestakuntza-eskaintza zabala berrituko du; izan ere, 2021eko urtarrilean, 40 ikastaro baino gehiago bilduko dituen katalogo berria argitaratuko du. Ikastaro horien artean, honako berritasun hauek nabarmentzen dira: “Deliveryra egokitutako Eskaintza Gastronomikoa”, “Bosgarren Gama” eta “Esperientzia Berriak Diseinatzeko Metodologia”.
10º. urteurrena
Basque Culinary Center Fundazioak egoitza du Donostian eta gastronomiaren sektorea garatzeko asmo handiko prestakuntza-, ikerketa- eta berrikuntza-proiektu gisa sortu zen. Horregatik, nazioarteko bokazio argia dauka eta bere asmoa gastronomia kudeaketarekin, zientziarekin eta beste diziplina batzuekin lotzea da.
2011ko irailaren 26an, Basque Culinary Centerrek, Zientzia Gastronomikoen lehenengo Fakultateak, bere ateak ireki zizkion Gastronomia eta Sukaldaritza Arteak Graduko lehenengo promozioari. Horrela hasi zen mundu mailan aitzindaria den erakunde akademikoaren bidea.
10 urteko jardunaren ostean, Basque Culinary Center proiektu berezia eta berritzailea da, eta ezagutzaren sektorean eta gastronomiaren sustapenaren sektorean erreferentea izan nahi du. Hiru jarduera nagusi ditu: Zientzia Gastronomikoen Fakultatea, Mondragon Unibertsitatean atxikia; Elikaduraren eta Gastronomiaren Ikerketa eta Berrikuntza Zentroa (BCC Berrikuntza) eta gastronomiaren ekitaldietarako eta sustapenerako plataforma bat.
Fundazioa koordinazio publiko-pribatuaren adibide bikaina izan zen eta izaten jarraitzen du, ezagutzaren sektoreko erakundeek, erakunde publikoek, enpresa pribatuek eta sukaldariek osatzen duten patronatuan gauzatzen dena.
Basque Culinary Centerren 10. urteurrenaren jardueren programa urtarrilaren eta irailaren artean egingo da. Hainbat ekimen eta eduki prestatzen ari dira, komunitateko kideekin batera Basque Culinary Centerren 10 urteko bidea ospatu eta aitortzeko: ikasleak, alumniak, Basque Culinary Centerreko pertsonak, enpresa laguntzaileak, erakundeak, sukaldariak eta gastronomia sektoreko kideak, etab.0}
Basque Culinary Centerren Patronatua
Patronatua Basque Culinary Center Fundazioaren organo gorena da, eta Euskal Autonomia Erkidegoko sukaldaririk ospetsuenetako bederatzik osatzen dute. Honako hauek dira: Juan Mari eta Elena Arzak, Pedro Subijana, Martin Berasategi, Andoni Luis Aduriz, Carlos Arguiñano, Eneko Atxa, Hilario Arbelaitz eta Diego Guerrero. Horiez gain, honako erakunde hauek ere osatzen dute: Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia, Donostiako Udala, eta hainbat erakunde, Azti-Tecnalia eta Mondragon Unibertsitatea kasu. Bukatzeko, hainbat enpresa ere badira patronatuko kide, besteak beste, Eroski, Martiko, Covap, Mahou-San Miguel eta Fagor.