BASQUE CULINARY CENTERREN NAZIOARTEKO KONTSEILUA PERURA ITZULIKO DA 2024KO EKAINEAN

Empresa

Basque Culinary Centerren Nazioarteko Kontseilua, munduko chefik ezagunenetako batzuek osatua, berriz bilduko da Perun ekainaren 16tik 19ra, eta gastronomiaren irismena izango du hizpide, goraipatzeko, sakontzeko eta eztabaidatzeko. T´impuy goiburua erabiliko da.     

 

Topaketa berezi horretan eztabaida zabala egingo da kozinatzen nahiz jaten dugunari buruz, bai eta horren inguruan biraka dabilen guztiaren gaineko inpaktuari buruz. Gastón Acurio eta Pía León anfitrioiekin batera, Nazioarteko Kontseiluak azpimarratuko du azken hamarkadetan Peruk gastronomiaren hedapenean bete duen zeregina —talentuen, tradizioen eta ideia eraldatzaileen sehaska gisa—.

 

2024, PERURA ITZULTZEA

Peruren zeregina berezia izan da nazioarteko gastronomiak azken hamarkadetan izan duen hedapenean; izan ere, lehen mailako talentuen sorlekua izan da, eta bertan, borborka aritu dira Basque Culinary Centerren 2011ko Nazioarteko Kontseiluaren lehenengo bileran islatutako kezkak eta proposamenak. Bilera hartan, “Etorkizuneko sukaldarientzako gutuna” idatzi zen, zeina Basque Culinary Centerren Nazioarteko Kontseiluaren sortzaileek —besteak beste, orduko sukaldari onenetako batzuek osatua: Gastón Acurio, Massimo Bottura, René Redzepi, Alex Atala, Ferran Adrià eta Dan Barber— sinatu baitzuten eta mundu osoan zabaldu baitzen. Ordutik, lorpen ugari egin dira eta asko ikasi da.

 

Belaunaldi berriek dakartzaten kezkekin lotuta, eta ulertuta sektore gastronomikoak sortzen duen aberastasuna egunetik egunera handiagoa dela, erronkak desberdinak direla, garai berriak abiadura bizian garatzen direla eta beharrak eta hartzaileak eboluzionatzen ari direla, Basque Culinary Centerren egungo Nazioarteko Kontseilua osatzen duten maila handiko zenbait kide —besteak beste, Joan Roca (Espainia), Dominique Crenn (Frantzia/AEB), Mauro Colagreco (Argentina/Frantzia), Yoshihiro Narisawa (Japonia), Manu Buffara (Brasil), Josh Niland (Australia), Thitid Tassanakajohn (Tailandia) eta Elena Reygadas (Mexiko)—  Peruko Unibertsitate Katoliko Pontifikalaren auditorioan (PUCP) izango dira ekainaren 19an. Ekitaldiaren izena T´impuy da, eta irakite, egoste edo eferbeszentzia kontzeptuari egiten dio erreferentzia. Izan ere, sukaldari haiek 2011n egin zituzten hausnarketak birpentsatzeko gune izango da. Hala, sektorearen etorkizunari aurre egiteko, gastronomiaren nonahikotasuna azpimarratuko da, eta egungo eskaerekiko lotura egingo da, hitzaldi, solasaldi eta mahai-inguruen bidez.

 

Basque Culinary Center buru duen goi mailako topaketaren anfitrioiak Gastón Acurio (Astrid & Gastón) eta Pia León (Kjolle) izango dira. Peruko gastronomia indartsuaren bi ordezkari horiek herrialdeko biodibertsitate handia erakusten dute sukaldaritzaren bidez, eta Basque Culinary Centerren Nazioarteko Kontseiluko kide dira.

 

Gainera, abiapuntutzat miresmena eta gastronomia garatzen lagunduko duten elkartrukeak sustatzeko gogoa hartuta, Lima eta Cusco hiriak bisitatuko ditu Basque Culinary Centerren Nazioarteko Kontseiluak, ezagutza ongarritzeko, eztabaidak ereiteko eta etorkizuneko apustu partekatuen uzta biltzeko. Topaketa honek zenbait jarduera garatuko ditu hiru egunetan zehar: kontseilua bilduko da, Basque Culinary World Prize 2024ren irabazlea aukeratuko da eta “Etorkizuneko sukaldarientzako gutuna” eguneratuko da. Hitzordua ekainaren 19an amaituko da, Liman egingo den hausnarketa-jardunaldiarekin.

 

XIV. GASTRONOMIA-TOPAKETA

2024an, Basque Culinary Centerrek Nazioarteko Kontseiluaren hamalaugarren urteko bilera egingo du testuinguru aparteko batean. Hala, jarraipena emango zaie aurretik hamahiru urtetan New Yorken, Liman, Mexiko Hirian, Modenan, San Frantziskon, Gironan, Tokion eta erreferentziazko beste jomuga gastronomiko batzuetan eginiko bilerei eta ekitaldiei; jardunaldi horietan, jasangarritasuna, biodibertsitatea, talentua eta gastronomia-sektorearen eraldaketa izan dira hizpide, diziplinarteko ikuspegi batetik.

 

Pia Leóni buruz

Pia Leónek sendotua du egungo Peruko gastronomiaren ikuspegirik pertsonal eta sortzaileenetako bat. Haren proposamenak aukera ematen du haren herriaren aniztasun eta aberastasun kultural zabala ezagutzeko. Lehenengo urratsak Central jatetxearen jabekide gisa egin zituen. Jatetxe hori mundu osoko hoberena izan zen 'The World's 50 Best Restaurants' zerrendaren 2023ko edizioan, eta Latinoamerikako 50 jatetxerik onenen zerrendako lehena izan zen hiru urtetan jarraian. Centralen ostean, bide propioari ekin zion Kjolle jatetxearekin. Latinoamerikako emakumezko chef onenaren saria irabazi zuen 2021ean, bai eta errebelazio-chefaren saria ere 2019an. Kjolle, Peruko kultura eta edertasuna goraipatzeko eta zaintzeko Piak duen asmoa finkatuz, 2019ko Latinoamerikako 50 jatetxerik onenen zerrendan 21.a izan zen, eta sarrerarik onenaren saria irabazi zuen.

 

Gastón Acuriori buruz

Peruko sukaldaritzaren ikono bat da, eta ekintzaile arrakastatsua. Formatu ugaritako apustu gastronomikoak dauzka mundu osoan zabalduta. Astrid & Gastón jatetxe entzutetsuaren jabea da Acurio. Sutsuki sinesten du sukaldaritzak gizarte-aldaketarako tresna gisa duen ahalmenean. Bere herria munduan zehar ezagutarazteko egin dituen ahaleginak direla eta, oso ezaguna da, eta mugarik gabeko interesa piztu du cebicheaz besteko hango sukaldaritzan. Pachacútec proiektuaren sustatzailea da. Haren bidez, sukaldaritzan prestatzen ditu dozenaka gazte. Gainera, kausa kulturalak, sozialak, ingurumenekoak eta abar bultzatzen ditu. Halaber, liburu ugari idatzi ditu, hala nola Perú: Gastronomía —sukaldaritza peruarrari buruzko liburua, etxeko sukaldaritzako 500 errezeta tradizional biltzen dituena—, Cebiche Power eta Recontra ¡Bravazo!. Gainera, Gastón izan zen Basque Culinary Centerren Nazioarteko Kontseiluaren sortzaileetako bat eta haren lehenengo bileraren anfitrioia, Liman 2011n, non aipatutako “Etorkizuneko sukaldarientzako gutuna” ekimenean parte hartu baitzuen. 

 

BASQUE CULINARY CENTERREN NAZIOARTEKO KONTSEILUA

Basque Culinary Centerren Nazioarteko Kontseilua funtsezko erakunde bat da. Haren ardura da Basque Culinary Centerren lan estrategikoetarako aholkuak ematea eta gastronomian aurrera egiten lagunduko duten ahaleginak orientatzea, aukerak identifikatzen laguntzea eta eztabaida- eta ekintza-esparruak irekitzea. Gaur egungo sukaldari garrantzitsuenetako batzuek osatzen dute.

 

Honako hauek izan ziren fundatzaileak: Ferrán Adrià (Espainia), Joan Roca (Espainia), Gastón Acurio (Peru), Massimo Bottura (Italia), Michel Bras (Frantzia), René Redzepi (Danimarka), Heston Blumenthal (Erresuma Batua), Alex Atala (Brasil), Dan Barber (AEB) eta Yukio Hattori (Japonia). Denboran zehar, honako hauek gehitu zaizkie: Enrique Olvera (Mexiko), Mauro Colagreco (Argentina/Frantzia), Manu Buffara (Brasil), Yoshihiro Narisawa (Japonia), Trine Hahnemann (Danimarka),  Dominique Creen (Frantzia/AEB), Pia León (Peru), Josh Niland (Australia), Narda Lepes (Argentina), Elena Reigadas (Mexiko) eta Ton Ttassanakajohn (Thailandia).

emprendimiento

WNWN Food Labs startupa, “Culinary Action! On the Road” Londres geldialdiko irabazlea

02/02/2024

WNWN Food Labs (Erresuma Batuak), zeinak kakaorik gabeko txokolatea landare-jatorriko osagaietatik abiatuta egiten duen, irabazi du foodtech-startupentzako Culinary Action! On The Road nazioarteko ekintzailetza-programaren Londresen ospatu den geldialdia, University College London kidearekin antolatua. Johnny Drain doktorea, startuparen sortzaileetako bat, oso eskertuta agertu da: “Culinary Action!-en geldialdi hau irabazteak jende gehiagorengana iristen lagunduko digu”.


Cardumen Capital hirugarren funtsarekin hasi da inbertitzen, Cardumen Fund III: AgriFoodTech

29/01/2024

Cardumen Capitalek bere hirugarren inbertsio-funtsaren lehen itxiera iragarri du, Cardumen Fund III: AgriFoodTech. Horrekin Europako eta Israelgo konpainietan inbertitzen hasiko da AgriFood sektorean. Venture Capital enpresako kudeatzaileak 30 inbertsio baino gehiago egin ditu orain arte goi-teknologiako enpresetan.