Basque Culinary Centerrek, Cáritasekin batera, ekimen bat jarri du abian Gabonetan 1.000 menu banatzeko baztertze arriskuan dauden familien artean

Enpresa

Pertsona askok gaur egun bizi duten egoera latzari erantzuteko, Basque Culinary Centerrek gizarte-ekimen berri bat jarri du abian Cáritasekin batera, Gabonetan 1.000 menu banatzeko baztertze arriskuan dauden Gipuzkoako familien artean.

 

Ekimena Gastronomia eta Sukaldaritza Arteen Graduko ikasleen prestakuntza-programaren barnean egongo da. Horrenbestez, Gastronomia Zientzien Fakultateko ikasle eta irakasleek lehenengo platera, bigarrena eta postrea izango duten mila menu osatuko dituzte. Menuak kaxetan entregatuko dira, delivery formatuan, proiektu honekin lankidetzan ari den Cáritas Gipuzkoaren hainbat ordezkaritzatan, eta, ondoren, Cáritasek hartzaileak hautatu eta elikagaiak banatuko ditu.  

 

Menuak gabonetako ukitua izango du, eta Cáritas abenduaren 17tik aurrera hasiko da banatzen. Menuan honako hauek izango ditugu: itsaski-krema, txahal erregosia eta txokolatezko brownie bat; guztia pasteurizatuta eta hutsean ontziratuta egongo da, berotu eta hartzeko prest. Horrez gain, jaki bakoitzak dagokion alergenoen informazioa eta kontsumo lehenetsiaren data izango ditu.

 

Ekimen honen xedea da pandemiak sortutako behar sozialei gastronomiaren aldetik erantzutea eta solidarioak izatea premia duen kolektibo batekin. Gainera, proiektu honi esker, ikasleek orain arte ikasitakoa praktikan jarri ahal izango dute, eta, halaber, pertsonengana hurbiltzeko aukera izango dute, mundu bidezko eta humanoagoa sortzen laguntzeko.  Basque Culinary Centerreko langile zein ikasleek boluntario gisa parte hartuko dute prozesuaren hainbat ataletan, besteak beste, elikagaiak prestatzean, ontziratzean, paketatzean edo bidaltzean.

 

Basque Culinary Centerreko zuzendaria den Joxe Mari Aizegak adierazi duen moduan, “osasun-krisiaren aurrean, gastronomia sektoreak erantzun solidario eta adorezko erantzun asko eman ditu. Basque Culinary Centerrek ere bere harri-koxkorra ekarri nahi izan du horren data berezian, erakundearen gizarte-konpromisoa eta bertakoen pasioa eta ekintzailetza-espiritua baliatuta”.         

Edonola ere, ekimen hau ez litzateke posible izango Cáritas Gipuzkoa elkartearen laguntzarik gabe.  José Ramón Aramendi zuzendariak adierazi duenez, “Basque Culinary Center-i esker, Gabonetan elikagai gehiago eskaini ahal izango dizkiegu egoera larrian bizi diren pertsonei, urteko garai honetaz gozatzen laguntzeko eta aldi berean, mundu bidezkoagoa eta gizatiarragoa eraikitzen laguntzeko”.

emprendimiento

WNWN Food Labs startupa, “Culinary Action! On the Road” Londres geldialdiko irabazlea

02/02/2024

WNWN Food Labs (Erresuma Batuak), zeinak kakaorik gabeko txokolatea landare-jatorriko osagaietatik abiatuta egiten duen, irabazi du foodtech-startupentzako Culinary Action! On The Road nazioarteko ekintzailetza-programaren Londresen ospatu den geldialdia, University College London kidearekin antolatua. Johnny Drain doktorea, startuparen sortzaileetako bat, oso eskertuta agertu da: “Culinary Action!-en geldialdi hau irabazteak jende gehiagorengana iristen lagunduko digu”.


Cardumen Capital hirugarren funtsarekin hasi da inbertitzen, Cardumen Fund III: AgriFoodTech

29/01/2024

Cardumen Capitalek bere hirugarren inbertsio-funtsaren lehen itxiera iragarri du, Cardumen Fund III: AgriFoodTech. Horrekin Europako eta Israelgo konpainietan inbertitzen hasiko da AgriFood sektorean. Venture Capital enpresako kudeatzaileak 30 inbertsio baino gehiago egin ditu orain arte goi-teknologiako enpresetan.