Donostiako Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan eman dute gaur arratsaldean Basque Culinary World Prize 2017 saria. Ekimen eraldatzaileak edo gizartean eragin positiboa dutenak abian jartzen dituzten chefak saritzen ditu, hain zuzen. Era horretan, helburua da erakustea gastronomiak balio dezakeela hainbat arlotan –berrikuntzan, hezkuntzan, ingurumenean, gizarte- edo ekonomia-garapenean edota osasunean, besteak beste– aldaketa bultzatzeko.
Eusko Jaurlaritzak sortu eta ematen du sari hori Basque Culinary Centrerekin elkarlanean, Basque Country estrategia integralaren barruan. Herrialde-marka horrek, indarguneak eta berezitasunak kontuan hartuta, aktore global bihurtzen du Euskadi, bikaintasunaren, bizi-kalitatearen eta gizarte-kohesioaren eredu, herrialde berritzaile eta lehiakorraz gain. Euskal gizartearen balio komunak –hala nola ahaleginaren kultura, konpromisoa, hobetzeko gaitasuna, eraldatzearen aldeko bokazioa, emakume eta gizonentzako aukera-berdintasuna– Euskadiren irudiari lotzea da xedea, nazioarteko gure bisita-txartela izan daitezen.
Arantxa Tapia sailburuak Leonor Espinosa chef kolonbiarrari eman dio saria Funleo fundazioan egindako lanagatik, hainbat agintari eta pertsona ospetsuren aurrean. Garapenerako gastronomiaren arloko fundazio horrek herri batez ere indigenen eta afrokolonbiarren antzinako jakintza aldarrikatzen du, eta landa-hazkunderako prozesuak bultzatzen ditu elikadura-burujabetza ardatz hartuta; hala bada, ekoizle txikiekin merkaturatzeko bideak ez ezik, heziketa, nutrizio, ekintzailetza zein turismorako guneak ere sortzen ditu etnia horiek bizi diren herrietan.
Leonor Espinosak Funleoren barruan abian dituen hainbat proiektutara bideratuko dira sariaren 100.000 euroak; haietako bat da, esate baterako, Chocó departamenduan Gastronomiako Zentro Integrala inauguratzea. Zentro horretan, aberastasun gastronomikoren inguruan kontzientziatu nahi dituzte herritarrak, narkotrafikoaren alternatiba gisa, komunitateek, era autonomoan, ondare biologiko, kultural eta immateriala erabil dezaten gizartea eta ekonomia garatzeko.